XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mordoska bat ba ginen.

Neu aritu nintzen banan banan deitzen.

Ez hasi berriz ere; zer konpontzen dugu bilkuretan?, marmar egiten zidaten batzuk, deia pasatzerakoan.

Eta bertan gelditzen ziren ilupak, patxadan, epel eta beldur.

- Oilook: noiznahi, astegun edo igande, noiznahi ebasten, lapurtzen digute guretariko bertze bat.

Denei lepoa moztu arte ez dira aspertuko.

Eta gu hegalak gurutzatuta gelditu behar al gara? Noiz arte?....

Nik banekien, oilanda egina bait nintzen ordukoz, banekien, aditzez, nunbaitan etxaldeko abere guztiak elkartu zirela, eta gizakiak etxetik botatzera lortu, alafede! Banekien Inglaterran eman omen zela hori dena, Orwell-ek kontatzen digunez.

Gure herritik urruti gertatutakoa zen, bertze herri batean.

Baina herrien arteko distantziak eta desberdintasunak ez dira oztopo izaten ikasteko, ez behinipein garai hartan neretzat.

Klaseen arteko elkartasunaren indarra eta zapalketa egoeren arteko parekotasuna, hori zen gogoan hartu beharrekoa, bertzeen menpe bizi ginenentzat ikasgai eta aztergai.

Buruz ederki ikasia nuen erretolika.

-... Zergatik ez esperientzia berritu, baina geuk eta hemen? - ni nion bertan neri begira zegoen oilo multzo eder hari.

Abarrakituko gaituzte bertzenaz banan banan, lagunok.

Begira zer pasatu zaien guretar hainbati.

Eta Ederko eta Katxori ere, eta zerriei, eta astoari berari... Hortik hasi kontuak ateratzen!.

- Baina behiak eta astoa eta txerriak ez zituzten jo eta hil, ez behinipein denak.

Saldu eginen zituzten, eta hori ez da gauza bera gero! - betiko oilo lepaluzeak, intelektual betaurreko irrigarri haien azpitik, dena puntualizatu beharrez, beti burutsu.